XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

LE 3e HOMME SUR LA MONTAGNE

Mendi ichtorio bat, denek ikus eta adi dezaketena.

Lehen aldikotz Cervin deitu mendi kaskorat nola igan ziren angles mendizale bat, bi gidari, eta jadanik mendi hortan berean hil gidari zen baten semea, horra filmaren funtsa.

Mendiaren deia bihotz gazte batean, ez da gauza ttipia.

Maldaz-malda amodio bat ere sortzen da charmanki.

Itchurak ederki hartuak dira, badute begien asetzekoa.

LE CHEVALIER DU ROI

Hau ere denek jasan dezakete.

Gaia ez da nehun ez denetarik.

Angleterra chaharrean gizon gazte bihozdun batek errege salbatzen du, traidoreak gaztigatzen, eta bere aita zenaren fama antolatzen, saldukeriaz akusatu baitzuten.

Bide-nabar ez dira bihotzak lo egoiten, eta azkenean filma bururatzen da bi ezkontzekin.

Nahiz ichtorioa ez den arradoa, filma arras atsegingarria da. Zertako? Jokolariak arras onak baitira, iduri egun guzietako jende batzu, hots osoki naturalak.

LE MONDE A TREMBLÉ

Filma hau kazeta handien kitzikan ari da, erakutsiz nola berriak emendatzen eta bihurdikatzen dituzten irakurtzaleen biltzeko.

Ez da itsuskeriarik; bainan ezin erran, badela gogo-bihotzen betetzekoa. Fa! Nik segurik hilchkoa atzeman dut.

LE FARCEUR

Filma huntaz ez dut deus onik erranen, funtsari datchikola segurik.

Familia bitzi bat bizi da nahas-mahas gizon ala emazteak ez baitira ezagun nor norenak diren, buhameak baino areagoak!

Jende horietarik batek aurkitzen du andere eder bat eta bere zazpi ahalak egiten ditu bere kurtchila hortarat bildu beharrez.

Emazte gaichoa ihesi badoa, izitua, bainan gerochago jiten delarik jakiteko zertan duen amoros ohia, hau nunbait dabila bertze choko batzuen ondotik.

Filma debruen deneko hatsean ibiltzen da, itchurak eta musikak oro berdin deberdin.

Egilearen chedea zer zitakeen? Menturaz erakustea jende batzuen kanore izpirik gabeko bizi-moldea? Ez dakit. Dena dela, komedia horrek ez du ezagutzen ez federik, ez legerik: ez du deusen errespeturik: elhe chikinak eta elhe tcharrak ez dira eskas!

Daukat ez dela nehori filma hori kontseilatzen ahal. Beude zirtzilkeriak zirtzilentzat.

POURQUOI VIENS-TU SI TARD?

Hau ez da gaztentzat.

Bertzek ez dute kalterik izanen haren ikusteaz.

Andere abokat bat potret ateratzale batekin ari da alkoolaren kontra eta alkool saltzaleen kontra.

Kazeta-egile batek, jelosiak, nahi du belztu, bainan garhaitzen du andereak.

Filma pollita, predikurik gabea: maluruski alkoolaren makurra ikusten dutenek ez dute senditzen ezkontzaren errespetuak ere balio duela zerbait.

ZINEMA, KILIMA

Ozarkeria dea, filmetako potretañoak nola chehe-chehea karkulatuz hautatuak izaiten diren salatzea?

Beharria baino kilikago daukagulakotz begia, begiari beraz direla ahalaz mintzo, aiher filmak, gauza ageria.

Hamarretarik bederatzi filmek gora-behera bertsuak: dauzkate potretez bezenbatean, eta hunela egin ditake heien bilduma:

1.- Hastean berean agertzen zauzku begia lilluratuz gorputza kilikatzen duten potretak: zertaz edo ( aintzin gibelka eginak diren filmetan ) nortaz den ichtoria ikus artean, hara zaletuak ikusliarrak.Kili-kili haste.

2.- Korapilatuz doha ichtoria; maitagarriak ala higuinak agertzen dira potretakoak, gertakariak lagun, geroago eta gehiago kilikatzen dituztela so daudena. Kilika ahala kilika.

3.- Hats-hanturik atchikitzen dituzte gero buluzten direnean, elgarri hurbiltzen, so egoiten; hara azkenekotz pot min, sutsuak hara tindu dir-dirantez (alegia deusez) ezpainak iduriz umi bilakatuak, eta gorputzak erdi etzanak edo... So-egileak? Begiak hanpatuak orduan, gorputzak sutan, zainak tiran, bihotzak pilpiran. Gorenean da plazerra.

4.- Oraino agertu ez diren potret ozarrenak berak on zazkote filmeri hemen plazerrari luzazago iraunarazteko. Ozarkeria kilikarienen gatik ttipituz doha kilikaldia...

5.- Huna ichtoria bururatzen ari; potretetakoen ezkontzari, heien disgustuari ala heien hiltzeari gostu guti hatzemaiten dakote ikusliarrek; usu ikusi gabe ateratzen ere dira. Kilikarenak alabainan egina du.

Ichtoriadun filma gehien-gehienek bost pondu horien arabera dauzkate potretak; gorputzaren kilikarazteko, ernarazteko, tirriarazteko chehe-chehea hautatuak. Gehienek ba; 50 miletarik dozena batez besteek!

Beraz?

Debru zinema, dena kilima! Gaizo gorputza, gaicho arima!